Quantcast
Channel: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura - Gobernuaren proposamenak
Viewing all articles
Browse latest Browse all 21

2016-2020ko eskola inklusiboaren eta kultura artekoaren eremuan ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana

$
0
0

Euskal gizartea etengabe aldatzen ari da. Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokiko “Immigrazioari Begirada” (2016ko abuztua) txostenaren azken datuen arabera, jatorri atzerritarreko biztanleak EAEko guztizko biztanleriaren %8,6 dira. 2012an aurreko Plana diseinatu zen (Ikasle etorkinentzako hezkuntza-arretarako programa, eskola-eredu inklusibo eta kultura artekoaren barruan, 2012-2015),  eta oraingo datuak urte horretako datuekin alderatuta %0,2 igo dira.

Errealitate berri honek Euskadiko ikastetxeetan ere badu isla: mundu osotik datozen ikasleak -hiru mila baino gehiago ikasturtea hasi ondoren- iristen zaizkigu orain, hizkuntza eta kultura anitzekin, hezkuntza ibilbide eta eredu desberdinekin, beren idiosinkrasiarekin. Eskola egokitu egin behar da hain aldakorra den errealitate horri erantzunik onena emateko eta lanean jarraitu behar du eredu inklusiboaren barruan ikasle guzti-guztien hezkuntza-arrakasta bermatzeko.

Egoera hori oso erronka garrantzitsua da hezkuntza sistemarentzat. Ikasle berriak behar bezala eskolatu behar dira, curriculumaren hizkuntzak ikasi behar dituzte eta, gainera, euskal gizartean eta gero eta globalagoa eta kultura anitzekoagoa den mundu batean bizitzeko beharko dituzten kultura arteko konpetentziak garatu beharko dituzte.

Asko izan dira, eskola inklusibo bat sustatzeko eta aniztasunari tratamendu egokia emateko, azken hamarkadan hartu diren neurriak. Azken hiru ikasturteetan Heziberri 2020 Planaren barruan etengabe landu da helburu hori, hezkuntza- eta pedagogia-eredua eta EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Plana garatuz. Hartu diren neurriek gauzatzeko denboraldi handiagoa behar dute, behar diren ondorioak eragin ditzaten, eta, halaber, orain arte emandako urrats guztiak finkatuko dituzten beste ekimen batzuen bidez osatu behar dira. Gainera, hezkuntzan egin beharreko esku-hartzeak beste eremu instituzional eta sozial batzuetan egiten diren jarduera multzo baten atala izan behar du, ikasle guztien ikasteko prozesua zabalduko eta lagunduko duen kultura arteko bizikidetza ahalbidetzeko.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, ikasle etorkinei eman beharreko arreta dela-eta dagoen planifikazioa berrikustea eta birdiseinatzea beharrezko jotzen da, egindako bidetik abiatuta praktika inklusiboak finkatu eta osatu behar dira, gure ikasle guztiek hezkuntza-aukera berdinak izan ditzaten eta euskal gizarteko kide diren pertsona guztiek aukera eta giza aberastasuna, kulturala eta soziala transmititzen dituztela ikus dezaten.

Heziberri 2020 Planetik eta aurrez aipaturiko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planetik zuzenean eratortzen den Plan berri hau, aurkeztu da dagoeneko EAEko Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialaren Foroaren baitako Hezkuntza Batzordean, bertako kideen ekarpenak jasotzeko asmoz. Helburu horrekin berarekin Hezkuntza Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak herritarren esku ere ipini nahi du orain dokumentu ireki hau, eta haien iritziak jaso, Irekiaren bidez.


Viewing all articles
Browse latest Browse all 21